XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mundua eta zinemari bira urrez eta zilarrez

Estatu Batuetatik Zeelanda Berriraino.

Mazedoniatik Taiwan aldera.

Italiatik Odessa txikirantz.

Kataluniatik Albaniaraino.

Herrialde makina bat korritu izan dute aurten Veneziako lehoiek, hiri Serenissimaren garaikur guztiek.

Baina ez natzaizue bakarrik mapetan agertzen diren herriei buruz ari.

Badira ere zeluloidezko eskualdeak.

Veneziak bira egin die banan-banan.

Urrea Mazedoniako lautada kiskalietan erori da.

Milcho Mantxevskiren Before the rainek ezkutua den Europa hertsi eta mindua jartzen zuen agerian.

Ez da akatsik gabeko zinema.

Ez da ikusgarria baina Londres eta Jugoslavia ohiaren lur garratza lotzen dituen indarkeria krudelak berpizten du irudiaren ahalmen erabatekoa.

Aiqing Wansui-ek Taiwango lan hautsiak gizakion bakardadea erakutsi nahi du era minimalista batez.

Filmea, berez, jasanezina da.

Luze, geldo eta odolik gabekoa baina hasiera-hasieratik diseinuan zinemaldietan saritzen den ausardia bazuela ulertu genuen askok.

Zilarra jaso du Natural Born Killers-ek.

Zergatik?

Munduko beste izkinean darabilkigun indarkeria modakoaz blai dagoelako.

Stonek eta Tarantinok sinatzen dutelako.

David Lynch epaimahaian zelako.

Heavenly Creatures-ek beste lehoi zilarrezkoa jaso zuen.

Peter Jacksonek badaki heriotza eta odolarekin jolas perilosoetan ibiltzen.

Little Odessa-k beste indarkeria mota aurkezten du tankera itzaltsu eta lehor batez.

Erraiak dituzte sutan James Grayek trebeziaz marrazturiko gizakiok.

Zilarra ere Mazzacuratiren Il Toro-rentzat.

Komedia gazi-gozoa eskas baina egokia Italiak aldameneko heri txiroekin dituen zorrak ordaintzen saiatzen da gogoz eta gogotik.

Ahalegin bera du buruan eta bihotzean zuzendaritza hoberenari eskaintzen zaion saria eskuratu duen Lamerica-k.

Gianni Ameliorenak, baina zuhurrago eta trinkoago egiten du berba eta salaketa.

Bigas Lunaren gidoia goraipatu dute nahiz eta azken 30 minutu La teta i la lluna-koak denek gaitzetsi.

Maria de Medeiros eder hori hoberenetan hoberena izendatu du Otelloren hiriak.

Horiexek sariak Veneziakoak.

Lasterrean izango dira zenbaitsu gurean.